PSOE 1975-1978 eta sujeto politikoaren aitorpena Estatuaren egituraketa konstituzionalean.

      Mikel Aldasoro Jauregi


      5- "Estatu erantzunkizuna" gardentasun demokratikoaren gainetik. Konstituzioaren nazionalismo espainiarra.


      5-a. "Batasun zatiezinaren" aurrebaldintza faktikoaren oinordeko ideologi sozialista. Autonomia, herrien burujabetzaren uko konstituzionala.

      Hilabeteak baino ez ziren pasatu militante sozialistek 1976ko azaroko XXVII. mintegia era arranditsuan itxi zutenetik epe konstituziogilea abian jarri zen arte. Berrogei urteko itxaronaldiaren ondotik PSOEk aukera zuen estatuaren antolaketa politikoaren oinarrietan esku hartzeko zuzen zuzenean. Sozialistentzat legitimazio demokratikoa baino izango ez zuen sistema politikoa eraikitzea zen epe konstituziogilearen xede nagusia, jakinda lurralde egituraketa araudi konstituzionalaren gako garrantzitsuenetakoa izango zela (gauza bat zela edo bestea zela, hori zen desegonkortasunaren eragile nagusia eta bestetik, 1977an dagoeneko erraz aurreikus zitezkeen zeintzu izango ziren mendebaldean homologarri egingo zuen antolaketa politiko baten gainontzeko ezaugarri nagusiak).

      Epe konstituziogilea zabaldu eta herrien burujabetza ukatuz Espainiaren "batasun zatiezinaren" antolaketa "autonomikoa" lege gorena egin zuen konstituzioa indarrean jarri arteko hilabeteetan PSOE izango da ideologi konstituzionalaren aitzindari nagusienetako bat, eta horren baitan konstituzioaren nazionalismo espainiarraren jorratzaile porrokatuenetakoa. Epe konstituziogilean, noski, konstituzioa zen eztabaida politiko nagusia, ia bakarra. Lurralde antolaketa, ardatz ekidinezia. XXVII. biltzarreko erabakien antitesien bultzaile bihurtuta, hilabete hauetan guztietan PSOEk aldarrikatzen duen "Espainiaren batasun zatiezin konstituzionalaren" ideologi nazionalista espainiarraren ezaugarri nagusiak aztertuko ditugu garaiko eztabaida purian ardatz izandako kontzeptuei jarraituz. Gehienak, hogei urteren buruan Estatuaren lurralde antolaketaren inguruko eztabaidan ardatz izaten jarraitzen duten kontzeptuak.

      Autodeterminazioa. Lan honetan esan dugun bezala, Alderdi Sozialistak jasota zuen Estatuko herrien autodeterminazioaren aldeko konpromezua 1972, 1974 eta 1976ko biltzarretan. 1977ko lehenengo hilabetetan PSOEren zuzendaritzak jorratutako diskurso eta lerro politiko horian "autodeterminazioa" edo antzeko hitzak ekiditeko estrategiak estrategia, epe konstituziogilearen hilabete trinko korapilotsutan sahiestezina egingo zaio kontzeptuaren inguruko eztabaida. Biltzarrean erabakitako antitesia aldarrikatzeak sortzen duen etena, militar frankisten eskuhartzea, Estatuaren guda zikina-parapoliziala, ETAren ekintzak, Estatuko herrietako abertzaleen proposamenak, gorteetako eztabaidak, agiriak, komunikabideak, mitinak... arrastoa utzi zuten.

      XXVII. biltzarraren amaieran herrien autodeterminazioa estatuaren lurralde antolaketaren oinarri behar zuela esan zuen Ramon Rubialek (14 urte zituenetik PSOEko kidea, 19 urtez espetxetan egona, alderdiko lehendakaria, Espainiako Senatuko lehenakariordea eta Euskadiko Kontseilu Orokorreko lehendakaria izango zenak) oso bestelako irizpidea azaltzen du 1978ko udaberrian eskainitako elkarrizketa batean (99). Herrien oinarrizko eskubide demokratikoa zena "arazo semantikoa" baino ez dela esatearekin konpontzen du auzia buruzagi sozialistak. Gaizki ulertze bat nonbait, zeren Rubialek azaltzen du "desberdindu behar dela gobernura iristekotan egingo genuela agindutakoa eta gauden lekuan, oposizioan, egonda egin dezakeguna". Oso desberdina bai nahia eta ahala, baina oso desberdinak ere ahala eta borondatea, sozialistentzat oposizioan egotea ez baitzen aski arrazoi izan diktaduraren aurka borrokatzeari uzteko, haustura demokratikoaren helburua alboratzeko edo autodeterminazioaren aldarrikapenari uko egiteko. Oso desberdina da noski, aldarrikapenari eustea edo uko egitea, oso. Semantikoki antonimoak, dagoena dagoen tokian egonda.

      Elkarrizketaren hasieran arazoa semantikoa bazen, arazoa bera desagertzen da beherago oposizioan zein espetxean zaildutako militante sozialistaren ebazpen salomonikoarekin: "ekainaren 15a autodeterminantea izan zen eta diputatuen ganbara konstituziogilea da gaur eta, autodeterminazioa bezala, hiritarren borondatearen menpe dago". Bai autodeterminazio eskubidearen paradigma bitxia Rubialena, geroxeago onartzen baitu "ezaugarri demokratiko guztiak ez zituen prozesu batean parte hartu" dutela. Baina kazetariaren galderei erantzunez autodeterminazioa-demokrazia eta "15-J autodeterminantearekin" zerbait txukun aurkezteko saio bakoitzean beste kontraesan bat gehitzen du. Adibidez, Rubialek kezka du autodeterminazio eskubidea onartuz gero (egon da 15-Jan edo ez, edo ze arraio horrenbeste autodeterminazio) agian "besteek" ez dutelako errespetatuko balizko etorkizunean gehiengoak estatu federalaren aldeko erabakia, edo "gero independentziaren alde ez gaudenok aurkakoa bozkatzeko aukera izango ez dutela" eta..... zalantzak zalantza, erabakia hartzeko eskubidea ukatu. Azkarra, besteak demokrazia errespetatzeko gai izango ez diren beldurrez berak aurretik jo kolpea, norbait antidemokratikoa izatekotan Rubialek nahiago du bera izan lehenengo eta oposizioa garbitu, bide guztien artean aukeratzeko askatasuna ez utzi behintzat. Horixe bai konpromezua sozialistena, baina ez demokraziarekin, beste zerbaitekin baizik. Eta, "tirania guztien aurka, askatasunez adieraz daitezela...." merkealdiko leloekin batera, otzankeriaren aitzindia izateak ematen dion autoritatearekin gomendio bat zenbait alderdiri, "hobe dela independentzia hitza ekiditea" alderdien legeztapena errazteko. 15-J autodeterminanteak ez du gehiagorako ematen.

      Hasiera batean haustura demokratikoa eta autodeterminazioa epe konstituziogilearen aurretik emango zirela, gero ezetz, prozesuaren emaitza izango zela eta tartean, konstituzioa indarrean jarri aurretik "autodeterminazioa" jada eman dela ekainaren 15ean. Rubialen iritzi berekoa da Agiriano diputatu sozialista eta Ramon Bayok "autodeterminazio eskubidearen kalterik gabeko nazioen konfederazioa" proposatzen duen enmendakin konstituzionala eztabaidatu zenean ederki azaldu zuen PSOEren iritzia (100), hots, "nazioen nazioaren aldekoak" izanagatik, Euskal Herria ekainean autodeterminatu zela. Hortaz, PSOEren nazioa osatzen duten nazioek ez dute berriro autodeterminazio eskubiderik izango. Zehatzago oraindik, "ez da beharrezkoa autodeterminazio eskubidea onartzea, autodeterminatzeko aukera asko ditu". Aukerak daudenez eta asko, zertarako onartu araudi juridiko gorenean, baina badaezpada ez aurkakoa, hots, aukerak egongo direnez, jaso eta arautu. Agirianoren konbentzimendu demokratikoa hain da sakona eta asmo onekoa ezen soberan ikusten ditu askatasun aukeren onarpen juridikoak, oinarri berari jarraiki Giza Eskubideen Nazioarteko Aldarrikapenaren gainontzeko edukinak konstituzioan islatzerakoan ..... testu asko legoke alferrik. Gizartea garbi garbia, berezko orekan, jatorrizkoan, legerik gabe, kontrolik gabe.

      Batasun zatiezina autonomiaren bertsioan. Gizateri osoa ustelkeri eta bestelako gaitzetik salbatzeko frankismoak bere buruari jarri zion lantegi aszetikoaren abiapuntua "Espainia, batasun patua unibertsoan" zen. Hortik aurrera dena zegoen egiteke, ortziaren estalki guztia zegoen faxisten ametsen menpe, asmo gorenen baitan, baina kontu gero! Asmoak asmo, oraina bakoitzaren une zehatzean boterea lurralde baten mugetan egokitzen den bezala eta errealitatearen botere-mugak baino irakasbide setatiagorik ez dagoenez, katixima frankistak hamar agindu nagusien zorroztasuna hautatu zuen asmo unibertsalaren oinarria finkatzeko: asmo loriotsuak ongi aterako baziren edo ez baziren, "Espainia batasun patua" zen. Hala idatzita ez dago "bai onerako, bai txarrerako" eranskin loteslea gehitu beharrik eta nonbait, jainkoaren lehialtasun bermeaz aski fidatzen ez zirelako edo, oinarria bere asmo goren-unibertsalaren gainetik zein azpitik jartzen zuten. Ideologo frankisten artean demokraziaren zioak ez zuen kezkarik sortzen Estatuaren legitimazioa sendotzeko, izan ere boterea iraunarazteko beste bi iturri eraginkorragoak zituzten: jainko filofaxista baten agindu gorena eta garaipen militarra, predikari eta iskiluak asmo berean bat eginda, sarritan baita hezur haragizko gorputz berean ere. Horiek ziren zilegitasunaren euskarri, horiek ziren eztabaida politikoan azken mugak. Oraindik aurrera egin nahi izatekotan, behin estatua desegin eta jainkoaren aingeru lurtiar iskiludunak gaindituz gero, agian bestelako ideiek bidea izango zuketen.

      Baina horiek denak babes demokratikoa behar ez izatearen abantailak ziren: katiximak ezarritakoa bete, kitto, aski arrazoi pragmatikoa ziren Guda Zibilean hildako milaka eta milaka lagunak. Berrogei urtez eraginkorra baina zilegitasun demokratikorik gabea: demokraziaren oinarri gaindiezin bakarra hiritarren borondatea omen baita, aukera aske desberdinen arteko erabaki askea eta norbanakoen iritzien gehiketa aritmetiko hotza-zehatza. Baina ustez sozialistek (eta denek) hain argi omen zituzten irizpide orokor hauek zartatu ziren demokratikoa izan asmo zuen konstituzioan lurralde antolaketaren inguruko lehenengo hizkia ezarri bezain laister. "Espainia, batasun patua unibertsoan" katixima frankistaren arau gorena zuzen eta zorrotz gauzatu zen konstituzio berriaren oinarritan "Espainiaren batasun zatiezinaren" idazkerarekin. Ideologo frankistek "batasun patua" unibertsoaren gora-beheretatik salbu utzi nahi izan zuten antzera, konstituzio berriaren idazketan parte hartu zuten ordezkari sozialistek aukera aske eta borondate demokratikoa baino haratago jarri zuten "batasun zatiezina". Espainiaren batasuna lurralde antolaketaren inguruko bestelako proposamen batzuk bezain demokratikoa izan badaiteke ere (herri baten independentzia, antolaketa federala, deszentralizazioa, estatuen arteko konfederazioa....), "batasun zatiezinaren" aurrebaldintza konstituzionalak nabarmen mugatzen du aukera askeen eremua. "Batasun zatiezinak" zenbait proposamen berdintasun aukeratik kanpo uzteaz gain, gehiengoak askatasunez hartutako erabakiei muga bat ezartzen die, demokraziak gutxienez muga argi hori izango du, "batasun zatiezina". Hots, demokratikoki zatitzea erabakita ere "batasun zatiezina" jasan behar, eta hala izan bedi Ejerzitoa jartzen dute kargu. Azken batean, Ejerzitoa bera hiritarren borondatearen gainetik. Eta, sujeto politikoaren zehaztapenean sartu gabe, konstituzio demokratikoa izan asmo duen osaketaren inguruko zalantza hauxe da: askatasun demokratikoak oinarrizkoak dira edo badago aukera guztien artean muga ezarri dezakeen herritarren hautua baino ezer demokratikoagorik?.

      Hortxe dago koxka, hilabete batzuk lehenago sozialistentzat herrien autodeterminazioa oinarrizko eskubide demokratikoa zela, araudi konstituzionalean gauzatu beharrekoa, epe konstituziogilearen ezinbesteko ezaugarria eta abiapuntua. Gero ordea, epe konstituziogilea abian jarri orduko, zapla, "Espainiaren batasun zatiezina" araudiaren aurrebaldintza, "-ezina" horren funtsa gehiago azaldu gabe baina ondorioak argiro adierazita eta eraginkor izaten jarrai beza Estatuaren oinarri eginda. "-Ezina" eta kitto. Gorteak zabaldu orduko Erregeak ohartazi zuen pulpitotik: "lurraldetako errealitate ugaria onartuko da Espainiaren batasun eztabaidaezina sendotu eta aberasten duten ehinean" (101). Onartzekotan aurrera, bestela.... Ejerzitoa (ejerzito frankista desegin gabea, erantzunkizunik argitu gabea eta frankismoan karrera egindako militarrek zuzenduta), Konstituzioaren moldaketa.... ez zuen ba konstituzio demokratiko batek bere baitan aukera guztiak bermatu behar? Hori ere sozialistek zioten. XXVII. biltzarrean. Ekainetik aurrera "batasun zatiezinaren" aitzindariak izan ziren.

      1977ko maiatzaren 22ko "El Socialista" adizkarian Felipe Gonzálezek azaldu zuen Alianza Popular alderdi eskuindarrekoek Espainiaren batasuna eta Ejerzitoaren inguruan esandakoak "zerikusi dexente duela aldaezin irizten dioten frankismoaren oinarrizko erro mugiezinekin". Zama latza behar zuen izan horrenbeste "ezinak", ezen zazpi hilabeteren buruan (abenduan) "El Socialista" aldizkariak argitara ematen ditu konstituzio zirriborroaren ardatz nagusiak, tartean hitzez hitz "batasun zatiezina" ezartzen duena, eta sozialistek ez dute txintik ere aterako, "konpromezu konstituziogilea azpimarratzeko" ez bada behintzat.

      PSOEren "batasun zatizein" konstituzionalaren bigarren abizena "autonomikoa" izango da. Bigarren abizena eta aurrenekoaren menpekoa noski. Hots, PSOEren "autonomiak" "batasun zatiezina" esan nahi du, eta alderantziz gauza bera, eta ondorio guztiekin: herrien autodeterminazio eskubidearen ukapena, sujeto politiko bakarraren onarpena (besteen ukapena) zein gainontzekoak.... beti ere joera zentralisten mesedetan.

      Autonomia bai, baina nolako autonomia ere zehazten du Peces Barbak (102), batzorde konstituziogilean PSOEk duen ordezkari gorenak: Gorte Orokorrek elkarte autonomoen arteko elkarlana baimendu ahal izango dute (baita ukatu ere) eta "ez da inolaz ere onartuko Euskal Herria eta Estatu espainiarraren arteko hitzarmenik Estatuaren burujabetzaren kontzeptua haustea suposatuko lukeelako". Hori bai, "eskubide historikoak berritzearen" alde daudela eransten du. Espainiaren batasun zatiezinearen aldeko diskurtso sutsuak lehentasun osoa izaki, Peces Barbari gehiegitxo berotzen zaio ahoa eta burujabetza estatuan datzala aldarrikatzen du. Bitxikeriak bitxikeri, balizko "eskubide historikoen" edukina eta autonomien ahalmen mugak ez du zalantzarik: ez dira sujeto politiko izango, eta Gorte Orokorren baimenik gabe ezin izango dute garatu elkarren arteko lan hitzarmenik. Aipatu aldizkari berean jasotzen dira Txiki Benegasen beste adierazpenak non plazaratzen duen konstituzio egitasmoak jasotzen duela "Estatu nazioanitza eta lurralde-anitza" izaera, baina Benegasek egokitutako hitz desberdinek ez dute funtsa aldatzen; nazio anitza dela onartu baina eskubideak ukatzeak eta sujeto politiko izaera ez aitortzeak ondorio bera dute: etorkizuna askatasunez erabakitzeko aukera ukatzea. Gardentasun bakarra sozialisten kontraesanena da, ezin baitute uztartu nazio anitzeko izaera, nazioarteko zuzenbideak onartutako eskubide demokratikoak eta "batasun zatiezinaren" oinarri konstituzionala.

      Beste buruzagi sozialista batzuk berriz ez dira asetzen ez arau konstituzionalaren zorroztasunarekin, ez kontzeptuen argitasunarekin eta ezta Ejerzitoaren babesarekin ere. Nazionalismo espainiarraren funtsa eta gogo min zentralistaren ezaugarria agerian utzi nahi izango dute bigaren mailako araudien azken ukituan ere. Kontzertu ekonomikoei buruzko mahainguru batean PSOEren jarrera azaltzen hasita Carlos Solchagak (103) adierazi zuen "oinarrizko baldintza gaindiezinak" zirela "sistema ekonomikoaren batasuna, autonomien arteko elkartasuna eta eskemen orokortasuna". Aurrerago zehatzago, "pribilegioak, ezta itxuretan ere". Eskubideak eta pribilegioak gauza bera ez direla bistan da (beranduago aztertuko ditugu kontzeptu hauek), buruzagi sozialistaren irakurketa lerroa bezain agerikoa. Hots, "eskubide historiko" delakoen edukinen balizko eraginkortasunik gabeko irudikapena ere errefusatzen duela, hortaz sumatzekoa da konstituzioaren gauzapenean sozialistek hartuko duten jarrera. Lurralde edo herrien izakerari dagokionez, desberdintasunik ezta itxuratu ere, "Espainiarren batasun zatiezinari" dagokionez berriz, edukina eta forma. Eta Ejerzitoa, eta baldintza gaindizeina, eta ekonomia, eta zergak, eta estatu erantzunkizuna, eta hala da eta hala baino ezin da izan.

      "Espainiaren batasun zatiezinaren" aldeko zaldunkerian frankismoen oinordekoei aurrea hartzea lortu arteko sugarra amorratuarekin. Arias Salgado UCDko buruak Interviú (104) aldizkarian gogora ekarriko du konstituzioaren zurruntasunaren merituaren zati bat PSOEri dagokiola, izan ere Salgadoren ustez UCDkoek nekez onar zitzaketen Estatuko herri batzutako abertzaleen eskaerak "are gutxiago PSOEko diputatu askok EAJren presioaren aurreran amore ez emateko eskatu zigutenean". Noski UCDkoak ez zirela autodeterminazio eskubidearen zaleak, baina horrek ez dio punturik kentzen PSOEri. Giro honetan, zirrikitu txikiena zabaldu ezin eta ezin, ez da harritzekoa 1978ko irailaren 12an Ramon Bajo Fanlokek Batzorde Konstituziogileko kideak etsipenez eta euskal alderdiek aurkeztu proposamen guztiak atzera botatzen zituztela salatzeko aurkeztutako dimisioa.

      Sozialistek autonomia hitza aipagai duten zenbaitetan "Espainiaren batasun zatiezina" azpimarratzeko burutzen duten ahaleginaren tamainakoa izango da beste batzuetan Estatu barruko herrien izaera ukatzeko saiakeraren neurria. Kontua ez da bakarrik autonomiari aurrebaldintza ezartzea, baizik eta autonomia bera erabiliz herrien izana eta hauen eskubideak indargabetzea. 1977ko hauteskunde kanpainan komunikabide batzuetan argitaratutako propagandan (105) PSOEk adierazten du "denon artean erabakitako Estatu Federalaren baitako autonomiaren" alde daudela. Baina ez okertu gero ("denon artean" horrekin okertzerik egotekotan), autonomia administratibo huts eta eskas batera iristen ez denaren nondik norakoak azaltzen baitu jarraian: "autonomia herri bakoitzean lana egin eta bizi direnentzat, gure pais-eko lurralde bakoitzean bizi direnentzat (...)". Herrien izana zuzen zuzenean ukatzen dute sozialistek, lurraldeena ere ez da argi geratzen, gehienez jota biztanle banakakoak baino ez ditu onartzen eta PSOEren "batasun zatiezinari" kontraesanik ez sortzeko obsesioak beste perla ideologiko baten arrastoa uzten digu. Hainbeste ikara sortzen die sozialistei estatuaren lurralde antolaketaren zioak, ezen mamua buruan dutelarik gizabankoei ere "autonomia" baino ez diete aitortzen, buruzagi sozialistentzat berrogei urteko diktaduraren ondotik gizabanakoak erabat aske izateko garaia oraindik iritsi ez zelako agian. Sorburu bereko perla asko aurkitzen dira han hemenka sozialisten idazkitan, Arbeloarena beste adibide bat da (106). Garai hartan PSOEn filosozialistatzat zuten idazle honek dio "burujabetzarik inondik ere ez", proposamena: "berezko autonomia" eta atzeko hankekin dena kakazteko: "baskongadak eta Nafarroak ezin dute onartu estatuaren eredu batua". To!, argitu hori, zeren ibili eta buelta ezezkoa bai eta baiezkoa ez gauzatzen da, tartean Albeloak ere Konstituzioaren alde egiten duen bitartean, hots, estatu osoko burujabetza bakarraren alde eta eredu konstituzionalak zehaztutako autonomien alde.

      Autonomi eskubidea, autonomia edo antzeko bat aipatzearekin batera, aztetik erretolika ahantziezina bailiran "konstituzioan arautu bezala", "konstituzioak ezarritakoaren arabera", "konstituzioaren markoan" ala "konstituzioarekin kontraesanik ez duen bitartean" eranskinetako bat ikusiko dugu sozialisten idazkitan. Azken finean "Espainiaren batasun zatiezina", "VIII. artikuloa", eta "burujabetza bakarra" baina beste era batera adierazteko aldagaiak.

      Epe konstituziogilea erakunde ofizialen zeharko azken txanpan zela Felipe Gonzálezek Kongresuan egindako hitzaldian (107) laburbildu zituen lurralde antolaketaren irizpide konstituzionalak. Konstituzioa "Espainiaren batasunaren bermea zen", aurrerago, "ez dago independentismo aukerarik". Ez da lege berme gorenarekin asetzen eta iragana garbitu nahi izango balu bezala berrartzen du gaia gero eta esaldi zorrotzagoekin: "ez orain, ez inoiz (...) inoiz ez dugu zalantzarik izan Espainiaren batasuna defendatzerakoan". Hortan ere, sozialistak aitzindari. Gauzak argi beraz, eta jada autonomia hitza bera gehiegixkoa iruditzen zaiolako edo, beste konzeptu oraindik epelagoa asmatzen du buruzagi sozialistak, zera, "estado regionalizado" (108)-estatu lurraldetua (sic?) bat izan beharko lukeela. Hori da PSOEk herrien askatasunarekin zuen konpromezuak konstituzioan izan zuen islada guztia, burujabetza arrastorik gabeko "estado regionalizado"-estatu lurraldetua (sic?) termino kartografiko hutsa, herrien izana ere jasotzen ez duena eta konpromezu autonomikoak sahiesten dituena. Ez ahaztu gainera izan, "estado regionalizado" -estatu lurraldetua (sic?) delakoa izatera ere iristen ez dela, "izan beharko lukeela" baizik. Nola ez dute ba gero diputatu sozialistek gogotik txalo egingo Frankok aukeratu oinordeko Erregeak Gorteen aurreran harrotasun osoz esaten duenean Espainiaren batasuna konstituzioaren oinarri eztabaidaezina zela!. Ezina, ezinean baino... koxka ordea.... ezinaren arrazoian dago.

      Askatasunen aurrerakoitasun ezkertiarra aurrerakoikeri eginda. Askatasuna, berdintasuna, elkartasuna, garapena... ezkerraren diskurtsoari lotutako kontzeptu preziatuenetakoak dira. PSOEko buruzagiek ere ez dituzte albo batera utziko aipatu ideiak askatasun konstituzionalen aroaren hastapena izan behar zuen hartan eta malabaristak diaboloa sokan gora eta behera mugitzen duten erraztasunarekin tartekatzen zituzten dialektika politikoan. Hori bai, beti askatasunen neurriak "batasun zatiezina" gainditzerik ez zuela zioen keinu-makurra zuzendu ezinik berezko estilo-eskola egin arte eta hitz zurixkenetatik pixka bat aldenduz gero kontraesan funtsezkotan korapilatua.

      Ezkerretik, eskuinetik, buelta emanda edo goitik behera, gaia edozein izanda ere, diaboloa beti erdi aldera zen arau nagusia. Carlos Solchagak adierazi zuen "oinarrizko baldintza gaindiezinak" zirela "sistema ekonomikoaren batasuna, autonomien arteko elkartasuna eta eskemen orokortasuna". Aurrerago zehatzago, "pribilegioak, ezta itxuretan ere". Berez "eskubideak" eta "pribilegioak" ez dira parekideak, baina diktadura baten ondoren orohar eskubideak murriztearen aldeko diskurtsoa irensteko latz samarra izaki, eskubideen ukapenaren aurrebaldintzan errotutako "pribilegioak" kontzeptu erabilgarriagoa eta itxuraz aurrerakoiagoa hautatzen du Solchagak. "Pribilegioen " aurka egitea samurragoa da, besteak beste hitzak bere baitan duelako zentzu ezkor eta zapaltzailea ("pribilegioak" zerbaiten gainean izaten dira, zerbait-norbait azpian hartuta edo haren bizkar: burgesen aberastasuna adibidez). Oinarrizko eskubideak ardatz hartuta alderantziz suertatzen da ordea: esklabuek ura edateko pribilegioa dute, gizaki askeak ez du pribilegio hori askea baita nahi duena eta nahi duenean edateko. Beraz, kasu honetan pribilegioaren ukoa uko bikoitza da, eskubidearen ukoa eta izanaren ukoa. Antzeko arazoa du Solchagak herrien autodeterminazio eskubidearekin.

      Sagarren kontakizunaren antzera, galdera edozein izanda ere, erantzuna beti batasun zatiezia helburu, herrien ukapena edo pareko zerbait. Nahi izan gabe beharbada baina Maturanak (109) ederki lotzen ditu "Haustura demokratikoa" izandakoaren bi oinarriren ukapena idazten duenean "indar errepresiboak desegitea eskatzen dutenen aurrean (...) guk berezitasun ekonomiko-administratiboak proposatzen ditugu". Beraz, izatekotan "berezitasunak", nork eta desegin gabeko indar errepresiboek zaindatuta epe konstituziogilearen hastapenetik bertatik. Zalantzarik gabe, "herri" eta "eskubide" kontzeptuek erre egiten dute sozialisten hizkeran. Beste gauza bat da ordea muga barruko hitz aurrerakoien ore epela.

      Enrique Múgicak (110) "nazionalisten" aurka egiten du arrazakeria eragotziz. Buruzagi sozialistarentzat "autonomia" da "herri baten askatasun kolektiboaren adierazpena". Eta, askatasunen zale amorratu bizia izanik nonbait, askatasuna eta sozialismoaren artean aukeratu behar izatekotan nahiago duela aurrenekoa. Baina herriei dagokienez aldiz, ez die uzten ez erabateko askatasunik, ez erabateko aukerarik. Autonomia, ez burujabetza. Sozialismoa eta askatasunaren artean askatasuna lehenengo, baina agerikoa da "batasun zatiezina" aipatu bien aurretik dituela. Hortxe aukerrakoitasunaren ertza zorrotza.

      Lurralde antolaketari dagozkion gaietan demokrata plantak egitea da sozialisten goxokia, demokratenak izan asmo dute... Peces Barbak eztabaida konstituziogilean (111) xehetasunez azaldu zuenean bezala, hots, berak "nahiago zuela burujabetasun herritarra" "burujabetasun nazionala baino". Herritarra zuzenago omen, demokratago. Txiki Benegas aurrerago joan zen, eta gehiago sartu zuen hanka APkoei kongresuan (112) esan zienean "erabateko askatasuna zela batasunaren bermea". Baina badaezpada, askatasunaren bermearen gainetik ejerzito frankista garbitugabearen berme oraindik gorenagoa. Hortaz, zerk ez du ezkontzen, demokrazia herritarraren zuzentasunak, batasunaren arriskuak, askatasun mugatuak-zeren izenean mugatuak edo konstituzioaren batasun zatiezinaren aurrebaldintza. Eta Solchagaren teoriak gogora ekarriz.... ba ote dago askatasunik gabeko elkartasunik, eta sozialismoa/askatasunaren arteko sailkapena? Ezkontzen duten gauza bakarrak sozialisten kontraesanak dira, ez besterik. Izan ere PSOEk plantak eginagatik, lurralde antolaketaren galdetegi demokratikoa ezin inolaz ere gainditu gutxieneko diskurtso koherentearekin.

      Eskubideekin ere tupust sozialistek. "Autonomia eskubidea", "berezitasun eskubidea", "eskubide historikoak" eta antzekoak aipatuko dituzte inoiz eransteke utzi gabe burujabetzik eza esan nahi duten "konstituzioaren barruan", "batasun zatiezina" edo "konstiuzioaren arabera" gehigarriak baino oinarriak, abiapuntuak. Deigarria sozialisten hizpidea: eskubideak gora, eskubideak bera, hango eskubideak eta hemengo eskubideak....zertarako eta nazioarteko zuzenbideak jasotzen duen bakarra, hots, herrien autodeterminazio eskubidea, errotik ukatzeko. Nazioarteko zuzenbidearena ez zen bezperako gauza. Munduko II. Gerratearen ondoren eratu berri Nazio Batuen Erakundearekin (NB) batera autodeterminazio eskubidea herri kolonizatuei bakarrik zuzendurik balego bezala berrinterpretatu zuten potentzia garaikideek. NB-en kartak bi moldetan interpretatzen du autodeterminazio eskubidea; bata: estatu bakoitzak bere sistema sozial, ekonomiko, politiko eta kulturala libreki hautatzeko eskubidea; bestea: herri orok duen Estatu gisa eratzeko eskubidea edo/ta beste estatuarekin elkar egoteko formulak libreki aukeratzeko eskubidea (55.1 art). 1966. urtean NB-en bitartez sinaturiko eskubide zibil, sozial, politiko eta ekonomikoei buruzko bi nazioarteko itunetan, autodeterminazio eskubidea sekula baino gardenago agertzen da: "Herri guztiek dute autodeterminatzeko eskubidea. Beronen izenean herriek erabakitzen dute libreki beren estatus politikoa eta libreki ere finkatzen dute beraiei dagozkien garapen ekonomiko, sozial eta kulturala" (1.1 art). Hildo beretik, 1975-ean Helsinkiko Deklarazioaren Azkeneko Aktan -bere 8.oinarrian- autodeterminazio eskubidea onartzen da (113). Herri kolonizatuei soilik aplikagarria omen zen teoria aitzaki politikoa baino ez zen beraz. Sozialistek ezetz, autodeterminazio eskubiderik ezetz. Eta segi demokrazia eta eskubideekin gora eta behera.

      Denbora iragan ahala gero eta azkarrago, baina diskurtso aldaketaren abiada biziak kontraesanaren itzala atzean utzi ezinik, kontraesanen beti gertu, ondoan, salatari ahantzia bihurtua baina, lehial. Konstituzioaren errenferenduma eta gero Erregeak Euskal Herrira egiten duen bisitaren haritik Alderdi Sozialistak agiri ofiziala kaleratuko du (114) "autonomia eskubidea..." goratuz. Aldizkari beraren hurrengo orrialdeak Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsalaren urteurrena ekartzen du gogora eta.... testuan aurrera egin ahala herriek euren etorkizuna erabakitzeko eskubidearen aipuarekin topo. Baina noski, gauza bat da Espainiako Konstituzioa eta beste bat Giza Eskubideen Aitorpen Unibertsala, gauza bat esatea eta beste bat legean ezartzea den bezala. Oso bestelakoak.

      Bere burua aurrerakoitzat jo nahi duen edo gutxienez itxuratu nahi duen ororen hitzetan munduaren garapen-bilakaeraren lege nagusien araberako irakurketak biziki estimatuak izaten direnez, PSOEkoak, belaunaldi gaztea-europearra-zabala-antifrankistak etab. izanik, ezin olatuaren azpian geratu. Munduaren bilakaera orokorrak, baita mundu osoarenak ere, batasun zatiezinaren alde egiten zuen nahiz eta sozialistek hitz xamurrago batzuekin jakinarazi. Gonzalezek munduaren "joera supranazionalak" aipatuko ditu Espainiako kongresuan eta Benegas "zenbait kontzeptu zaharkituri" buruz mintzatuko da (115) autodeterminazioan erreparatuz. Ikuspegi mundialistan ordea ez du lekurik nazioarteko zuzenbideak, munduaren garapenaren orain zehatzean sozialisten giza eskubideekiko konpromezuak, zapalkuntza guztien aurkako mundu guztiko langileen elkartasuna eta sozialismoaren balio iragangaitzak zaharkituta geratu omen. Egokiera bakoitzerako trastea prest, eta egokiera guztitarako balio zuena beti soinean, ezen ez mundializazioak, ez denboraren iraganak, ez nazioarteko egoerak ez ezerk ere ez dio indarrik kentzen burujabetzari.... baldin eta Espainiaren burujabetza bakuna-bakarra bada eta ez besterik. Horretarako dena aproposa, dena haren zerbitzuan eta Ejerzitoa beha. Aurrerakoien aitzin eta haiek zainduz.

      Konstituzioaren neurriko klasismoa. Ezkerreko izakera zen PSOEren ezaugarri nabarmenena eta beraz ekidinezina itzal hau konstituzioaren lurralde antolaketaren inguruko irizpideekin uztartzea. Aldaketa ez zen makala, izan ere XXVII. biltzarrak autodeterminazio eskubidearen onarpenarekin ezkontzen zuen sozialismoaren aldeko borroka eta estatuaren lurralde antolaketaren zio demokratikoa, baina epe konstituziogilea abian jarri orduko PSOEko buruzagitza "batasun zatiezinaren oinarriari" estuki atxiki zitzaionez, aurreko ekuazioak jada ez zuen berdintzen. Bada, Alderdi Sozialistaren diskurtso ezkertiarraren erreferentzia nagusia Estatuko herrien ukapenean oinarritzen den berriztutako formulazio sasiklasita autonomiazalea izango da, beti ere Estatu Espainiarraren batasunaren aurrebaldintza konstituzionalaren mesedetan, goraxeago ikusi baitugu zerekin eta nola berdintzen zuten sozialistek autonomiaren ekuazioa. Ezkerreko diskurtsoarekin ari direla, ez dute galduko Estatuaren lurralde antolaketaren jomuga nagusia eta horregatik atzematen da ez dela logika orokorra aldatzen, gaiaren testuinguruaren berezko kontzeptuak baizik. Hots, aurrerakoitasuna, autonomia edo haustura demokratikoaz ari zirenean ikusi bezala, irizpide klasista autonomia-batasun zatiezinarekin lerrotuko da. Irizpide hori da aldi berean aurrebaldintza, kontraesanen iturri eta eztabaida guztiaren mugatzaile.

      Sarritan, sozialistek autonomizaletasunaren buruan kokatu nahi izango dute alderdia PSOEren alternatiba autonomikoa haizatuz. Batzuetan euren poza azaltzen dute (116) "langileriarengan gero eta sustraituago dagoelako autonomiaren aldarrikapena", beste batzuetan (117), adibide eta guzti, (Asturias) arrazoituko dute autonomi zabalak mesede egiten diola klase borrokaren azkartzeari eta Felipe Gonzálezek berak adieraziko du Gorteetan (118) sozialisten helburua "zapalkuntza guztiak (...) gainditzea" dela. Baina orain ez dute onartzen herrien zapalkuntza egon badenik ere eta autonomiaren inguruko susmo baikorreko izpi bakanen artean, "batasun zatiezinaren" xedeari zuzenki erantzuten dioten irizpide argiro mugatzaileak nagusitzen dira.

      PSOEren XXVII. biltzarraren irakurketa sasimarxista bitxia egiten du Luis Gómezek (119) (Kongresuko lehendakaritzarako PSOEren hautagaiak) eta, egokieraz baliatuta, eskuineko indarrak kritikatzen ditu ez direlako gai "oinarri autogestionarioak eta masen partaidetza" onartzeko. Asturiasen autonomismoak klase borrokan eragin duen bultzada aipatu ondoren argitzen du "autonomiaren gaia testu konstituzionalaren zati banaezina izan behar duela". Hara!, berriro sozialisten urrezko ekuazioarekin topo: autonomia konstituzioaren testutik banatuezina, eta Espainia batasun zatiezina konstituzioaren oinarri. Zaziezina izan gabe ezin izan, hori da hain zuzen PSOEkoentzat klase borroka azkartze autonomikoaren mugak adierazteko era bat. Badira gehiago.

      "Autonomia Andaluziarentzat (...) klase borrokaren barruan eta ezin da sasideszentralizazioekin horitu", aldarrikatzen dute sozialistek lehenxeago aipatu aldizkariaren ale berean. Beste batean (120), Catalunyako arazo bereziak konpontzeko autonomia eskatzen dute "kapitalismoaren aurkako borroka batuarako" deia luzatzearekin batera. Bi adibide hauetan bezala sozialistak klase borroka zein autonomiari buruz ari direnean eranskin banaezinak dituzte "barruan", "baitan", "batasunean" eta antzekoak. PSOEren inongo idazkitan ez denez atzematen kontraesanik klase borroka eta konstituzioaren artean, inplizitoki ezartzen dute konstituzioa bera dela sozialismoa eraikiko bide duen klase borrokaren batasun markoa. Eta 1978ko konstituzioaren balizko klase izaera iraultzailean sartu gabe ere, argi dago PSOEren batasun eta antzeko guztiek "Espainiaren batasun zatiezinaren" aldagaiak baino ez direla, alderdiak berak aitortzen duen bezala. PSOEren dialektika zientifiko-klasistak jasotzen du "Espainiaren batasun zatiezina"-kapitalismoaren aurkako borroka, "Espainiaren batasun zatiezina"-klase batasuna, "Espainiaren batasun zatiezina"-borrokaren erritmo autonomoak, "Espainiaren batasun zatiezina"-zapalkuntza guztiak gainditzeko irtenbide marxista, "Espainiaren batasun zatiezina"-borrokaren azkartzea.... Zientzia zehatza sozialistena nonbait ezen inoiz ere ez da atzematen horrelakorik: borroka erritmo desberdinak-autodeterminazioa, borroka azkartze autonomikoa-are azkarrago autodeterminazioarekin, zapalkuntzen askapena-burujabetza eta nazio askapena, klase batasuna-mundu batasuna eta Espainiaren deuseztapena. Ez, horrelakorik ez, batu, sozialistentzat Espainiak du batzen, eta mundu mailako klase borrokak han eta hemen erritmo desberdinak izango baditu ere, Espainia gehienez jota munduaren zati izango da, baina inolaz ere zatien zati. Erritmo, errealitate, gizarte baldintza desberdinak eta ekonomiaren garapen berezia ikusten dute Suitzan, Indonesian, Frantzian, Algerian, Italian, Brasilen, Alemanian... desberdinak oso. Baina Euskal Herria, Cáceres, Catalunya, Leon, Galiza.... hor ez dago klase borrokarako desberdintasun "objetiborik". Batasun zatiezina delako.

      Klase borrokarekin zerikusi zuzena duen "zapalkuntzen aurkako" balizko ekina "Espainiaren batasun zatiezinaren" beste euskarri bat izango da sozialistentzat. PSOEk goratzen duen askatasunarekiko lehialtasuna ez da herrien burujabetza-askatasunarekiko konpromezua izango. Aitzitik, zapalkuntzak gainditzeko zentralismo zurrunaren bidea erakutsiko dute. "Lurralde diskriminazioaren amaiera (...) autonomia maila formalean besterik ez (...) lurralde arteko zapalkuntzarekin amaitzeko.... (121) "batasun zatiezina izango da sozialisten irtenbidea, edo argudioa, edo aitzakia. Epe konstituziogilearen aurrebaldintza honen irakurketa "askatzailearen" sinesgarritasunak bultzatuta, behin eta berriro ekartzen dute gogora arrazoibidea. Lerro berean sakonduz eta sakonduz, batasun zatiezinaren zio askatzailea azpimarratu nahi duten kontzeptu berriak sortuko dituzte. Batean, esan bezala, lurralde arteko zapalkuntza bada, bestean Estatu barruko kolonialismoa deskubritzen dute. "Extremadura berez lurralde kolonizatua da eta Madrid, Barcelona eta Baskongaden explotazioaren menpe dago" (122). Herrien autodeterminazio eskubidea ukatzeko bada, PSOEkoek esango dute kontzeptu zaharkitua dela eta gehienez jota herri kolonizatuei dagokiena, baina Espainiaren batasunaren alde egiterakoan aldiz, hara non topatzen duten Estatuan bertan errealitate koloniala. Hori bai, elkarren arteko zapalkuntzak gainditzeko "autonomiaren kontzientzia" da PSOEren proposamen antikolonialista, badakigu nolako autonomia gainera, burujabetza ukatzen duena alegia.

      PSOEren diskurtso klasistari eman dakiokeen sinesgarritasun guztia eta gehiago emanda ere, buruzagi sozialistek azaltzen duten bezala klase borroka bigarren mailako jomuga da "Espainiaren batasun zatiezinarekin" alderatuz gero. Enrique Múgicaren hitzetan: "botere legegiletik edo Ejerzitotik ideia beraren alde egiten dugu, Espainia, guztion aberria" (123). Beraz, PSOEk bat egiten du Ejerzito frankistarekin Estatuaren lurralde antolaketaren inguruko egitasmoan eta, klase borroka, klase borroka beste kontu bat da, nahiz eta gero PSOEk oso gustokoa duen periferiako alderdi zein sindikatu abertzaileei "burgeskeria", "kolaborazionismoa" edo antzekoak egoztea.

      Bi ertzak, erdigunea eta orekaren teoria. Edozein proposamen politiko izanda ere, zilegitasunarekin batera, zentzuzkoa, errealista, arrazoizkoa eta gauzagarria dela esatea edo horrekin arrazoitzea arrunta da, orokorra. Talde zein alderdi bakoitzak bere egitasmoaren izen ona goratzeko atxekitzen dizkio mezuari aurreko ezaugarriak, gutxieneko etorkizuna nahi badu behintzat hala izaten da. Bere burua goratze hutsarekin ordea ez da nahikoa, beste taldeen proposamenekiko desberdintasunak ezarri behar ditu, funtsean besteen alde txarrak azpimarratzea baino izaten ez dena eta aipatu alde txar hauek ezaugarri baikorren antitesiak dira (bideraezina, zentzugabekeria, zilegitasun eza...). Taldeek elkarren artean zenbat eta urrunago egon, orduan eta indar gehiago dute antitesiek. Alderantziz gauza bera, zenbat eta hurbilago egon, orduan eta ezaugarri ezkor gutxiago.

      Diskurtso politikoa ordea, ez da aldez aurretik sortutako elementu estatiko eta aldaezina. Alderantziz, diskurtso politikoa etengabe sortu eta berregiten da unean uneko egoerari era batera edo bestera erantzuteko. Hala ere, irizpide orokorrak, oinarri aldagaitzak eta iraunkorrak azpimarratu nahi izaten ditu sendotasuna irudikatzeko, aldeen arteko hegemonia islatzeko. Irudi geometriko batekin alderatuz, taldeen diskurtso politikoak erdigunean kokatzen dute euren burua, berez, osotasunari erantzuteko prest eta ezaugarri baikor guztien jabe direla. Erdigunetik zenbat eta urrunago, orduan eta desberdinago. Diskurtso politikoaren etengabeko sorkuntza-birsorkuntzaren ikuspegi errealagoak ordea beste irudi bat erakusten du, diskurtso bakoitzak (balizko erdigunea) bere hertzak gustoko neurrira sortuz osatzen duela prisma. Beste era batera esanda, edozein zenbaki egon daiteke erdian; 5, 60, 2, 555 edo beste edozein, 0 eta 10 artean, 0 eta 4 artean.... gakoa ertzak aukeratzean datza. Diskurtso politikoaren ertzek, erdiguneak eta gainontzeko diskurtso politikoen ertza eta erdiguneekin dituen harremanak tajutzen dute lehenengoaren izaera. Testuinguru honetan denek ematen dituzte ezinbesteko argibideak egitasmoen funtsa bere osotasunean ulertzeko.

      PSOE ez da salbuespena. Epe konstituziogile osoan zehar estatuaren lurralde antolaketaren inguruan zabaltzen duen mezuan zentzua, oreka, moderazioa, bideragarritasuna.... eta ezaugarri baikor hauen guztien erdi erdian kokatuko ditu bere egitasmoak, beti ere "Espainiaren batasun zatezinaren" neurrira marraztutako poligonoan. PSOEk erdigunean kokatzen ditu bere proposamenak, zentzuzko proposamenak eta sozialistentzat muturrekoak diren jarreretatik at. Adibidez, 1977ko urriaren 16ko "El Socialista" aldizkarian Gobernuaren jarrera kritikatzen dute "erregionalizazio deskafeinatua" eskaintzen dutelako eta ez "autonomia". Ildo berean, Múgicak (124) "berdintasun frankistaren aurrean, batasun" sozialista proposatzen du bidebatez "independentzia aldarrikapena birziklatzeko" beharra azpimarratuz. Horiek dira sozialisten erdigunearen ertzen bi adibide esanguratsu. Ertza batean batasun frankista eta regionalizazio deskafeinatua, bestean (125) "terrorismoaren txantaia onartzeina", erdi erdian, erradikalismotik at, zentzuzkoaren eredu, PSOEren autonomia, "Espainiaren batasun zatiezinaren" alde sozialistak bat eginik ejerzito frankistarekin. Sozialisten dialektikaren geometria ezin zehatzagoa da gero, herrien izana eta burujabetza eskubidea marrazkiaren ertzetatik kanpo utzita, "batasun zatiezina eta autonomia" erdi erdian. Ezin beste era batera izan.

      Lanaren txukuntasuna ez zapuzteko PSOEko lehendakaria zen Ramon Rubialek (126) adierazpen askatasunari uko egiteko aholku demokratiko eta zentzuduna luzatzen die zenbait alderdiri esanez hobe dela "independentzia hitza ezabatzea" legeztapena errazteko. Horrela bai erdigunean. Eta gero lurralde antolaketa zuzenki aipatzen ez dutenerako uzten dituzte hitz potoloak, "Aske izatearen beharra" (127) izenburuko editoriala kasu, non besteak beste aldarrikatzen duen "herriek ezin diotela askatasunari uko egin, ezta askatasunaren zati bati uko ekin ere, gizakiak bezala, askatasuna indarrean jarri behar dute derrigorrez. Horretarako (...) bere etorkizunaren jabe izan behar dute".

      Inboluzio arriskua eta demokrazia. Aipagai ditugun atal guztiek dute elkarren arteko lotura baina orain aztertzen ari garenak bereziki aurrekoarekin, orekaren teoriarekin alegia. Diktadorea hil eta Konstituzioa indarrean sartu arteko denboran (gerora ere jarraituko du noski) behin eta berriro mahaigaineratzen den arazoa da inboluzio arriskua. Sinesgarria, benetakoa izateko moduko ezaugarri guzti guztiak betetzen zituen egoerak: Ejerzito faxistan ez zen aldaketa garrantzitsurik eman, Estatuaren aparatu denak (telebista, epaitegiak, administrazioa, entrepresa publiko guztiak...) frankistek hobetsitako jendearen esku zeuden, zenbait sektore politikotik kolpismoaren aldeko propaganda zabaltzen zuten, beste alderdi batzuek ez zuten ezkutatzen euren izaera filofrankista, segurtasun indarren inpunitatea erabatekoa zen, gizarteak gertutik bizi zuen Hego Ameriketako diktaduren eredua, militar faxisten matxinada saio edo saio zurrumurruak ohikoak ziren (konstituzioaren erreferendumaren bezperan Antonio Tejerok eta Inestrillok beste saiakera bat burutu zuten), Guda Zibileren oroimena hortxe zirauen eta aparato honen guztiaren aurrean oposizioa konszientea zen bere indarren ahuleziaz.

      1977ko ekaineko hauteskundeen ondoren Gozálezek "haustura eman dela" esan arren, sozialisten baikorkeri aurreratuenaren gainetik ere agerian geratuko da errealitatearen gordintasuna. PSOEren buruak esandakoarekin kontrajarriz, 1977ko abuztuaren 7ko "El Socialista" aldizkariak onartzen du "herriak kontrolatzen ez dituen eremuak daudela" eta "persona berdinak, antzeko postutan jarraitzen dutela". Batzuetan etsipen arrastoa agertzen bada ere, beste batzuetan sozialistek harrotasun ukitu batekin adieraziko dute ez diotela inori eskatu demokrata berriaren pedigri-a. Hori, lehengo faxistei demokrata izendapenaren erabailera baimentzea, omen PSOEk demokraziaren eraikuntzari egindako ekarpenetako bat.

      Den dena ez zegoen ba Ramón Rubialek esandako "hiritarren borondatearen baitan". Bestelako eragileak izan bazirela eta lurralde antolaketan bereziki erreparatzen zutela baieztatzen dute iturri guztiek. Sozialisten lerrotatik bertatik, Pablo Castellanos buruzagi historikoak (128) "Moncloako hitzarmenen" aurka mintzo da eta "ezpata soinu" iraunkorra salatzen du. Era berean kezka azaltzen du "zenbait botere faktikok autonomien gaiaren aurrean jartzen dituen oztopoak" direla medio. Rubial ere ez zen egoera demokratikoaz oso konbentzituta egongo esan zuenerako (129) "sozialistak ez zirela hain tematiak izango (...)", hots, "hogeita hamaseian eman zen egoeraren antzekoa ez emateko zenbait aldarrikapen behin behinekoz alboratu behar badira, egingo dugu. Gaur uzten dena bihar berreskuratu daiteke egoera demokratikoan". Hortaz, epe konstituziogilea ez zen hain demokratikoa, ez. Baina, 1936an gertatutakoarekin alderatuz, orain sozialistek ez zioten oztopo larrigirik jarriko faxisten irizpideen nagusitzeari, oraingoan sozialistak prest baitzeuden aldarrikapen demokratikoei uko egiteko beranduxeago aipatu aldarrikapenak berreskuratzeko hitzaren truke. Gero ordea, gerokoak. Guda Zibila ekiditea helburu gizatiarra da eta irizpideak horren aitzakian nagusitzea ez da demokratikoa, beste zerbait baizik. "Beldurra -zioen Gonzálezek Portugaleteko mitinean- faxismoaren ernegarria da" (130). (Kasu!, oraingoan ETAri buruz ari zen).

      Epe konstituziogileaz ari gara, gero demokratikoa izan behar omen duen konstituzioaren aurrekari sortzailea. Guda Zibilaren mamua estatu kolpe saiakeren artean, zurrumurruak nagusitzen zirenean, "betikoak antzeko lekutan" jarraitzen zuten bitartean.... hori dena ez zen aitzaki hutsa, musika horrek guztiak bere eragin sakona izan zuen politikaren atal guztietan.

      Eta Guda Zibila sahiesteko eta odol isuria ekiditeko berez helburu gizatiarra den ehinean taktika politikoaren ikuspegitik zenbait aldarrikapen demokratikori uko egitea zuritu badezake ere, PSOEren buruzagitzaren bilakaeraren haritik ondorioztatzen da "inboluzio arriskuarena" eskaerak baretzeko zuhurtasun irizpidea izan baino gehiago, sozialistei erabat mesedegarria suertatu zitzaiela bere egina zuten "batasun zatiezinaren" aurrebaldintza konstituzionala finkatzeko. Bai, esan dugun bezala, inboluzio arriskua izan bazen, eta ez nolanahikoa gainera, baina egoera horretatik abiatuta eragile ez demokratiko hauek epe konstituziogilean zuten indarra deuseztatzen saiatu beharrean edo ezinezkoa izatekotan salatu behintzat argi salatu beharrean, PSOEk inboluzio mehatxuaren arrazoibidea zuzen zuzenean erabili zuen eredu konstituzional zehatz baten mesedetan. Beste era batera esanda, "inboluzio arriskuak" PSOEk babesten duen "batasun zatiezinaren" alde egiten du, PSOE horren jakitun da eta horretaz baliatzen da mezuaren indarrean sakontzeko, nahiz eta bere burua antifrankistatzat duten horientzat erosoagoa den "zuhurtasunaren" atzean babestea. Hala ere, batzuetan ez diote horrenbeste garrantzirik ematen zuhurtasunari eta argiro azaltzen dute (131) "ezpata hotsa politikaren arlo guztietan nabari denez", eragin baikorra duela jarrerak malgutu eta kontsentsua lortzeko orduan. Lurralde antolaketaren gaiari dagokionez badakigu zeren inguruan ematen den kontsentsua, "batasun zatiezinaren" inguruan hain zuzen.

      Dena den, horrelako aitorpenak salbuespen dira. Gehienetan zeharkakoak hobesten dituzte: orain ez da unea, ezin izan dugu gehiago lortu, ez da probokaziotan erori behar, botere faktikoek ez lukete onartuko, indar harremanetara egokitu beharra, "estatutoa edo kaosa" esango du Benegasek Club S.XXIn (132), "VIII. artikuloa eskuzabaltasun abentura" dela gehituko du Gonzálezek (133), arduragabekeriak errefusatzen ditugu etab. Finean, herrien eskubide demokratikoei uko egitea erantzunkizunaren mesedetan, "batasun zatiezinaren" mesedetan, delako zuhurtasunak PSOEren espainiar abertzaletasunaren mesedetan gehitzen du beti, izan ere zuhurtasuna arrazoi ez denean klase batasuna da, bestela alderdiaren konpromezu historikoak, bestela lurralde arteko zapalkuntzarik eza, bestela errealitate ukaezina delako.... PSOEk "batasun zatiezina" du oinarri eta helburu.

      Hortik aurrera sozialistak demokratenak eta demokraziarekin konpromezu gehiena dutenak. 1977ko hauteskunde egitarauan azaltzen dutenez "sozialismoa askatasuna da, sozialismoa demokrazian sakontzea da". Sozialistek demokratenak izanik, edozein emaitza onartzeko prest, baita eskuindarrak boterean egotea, baina inolaz ere ez dutena onartzen herrien burujabetza eskubidea da.

      Estatu federalaren bidean, agur estatu federalari. Estatuaren antolaketa federala PSOEren tesi historiko bat zen ia ia alderdia sortu zenetik. Egia da "federalismo" sozialista horren balizko edukinak eztabaidatzeko aukera asko eman dezaketela eta egia ere II. Errepublikan eredu federalistaren aurrean "estatu integrala" hobetsi zutela. Frankismoan PSOEko zaharrek federalismoaren ideia berreskuratu zuten eta 1972ko abuztuan berritzaileek alderdi ofizialaren gidaritza eskuratu zutenetik estatuaren antolaketa federala sozialisten egitasmoaren zutabe garrantzitsua izan zen. Herrien autodeterminazio eskubidea onartuko zuen antolaketa federalaren alde egin zuen PSOEk 1972, 1974 eta 1976ko biltzar orokorretan. Are gehiago, inoiz autodeterminazioaren gaiak atzerago edo aurrerago kontraesanak sortzen bazituen, antolaketa federalaren egitasmoarekin ez da horrelakorik gertatuko. Federazio iberikoa, estatu federala, plan federala, parlamentu federala, lurralde federatuak... termino hauek guztiak oso arruntak dira sozialisten hizkeran.

      PSOEren XXVII. biltzarrak ere Estatu federalaren aldeko apostua berresten du, epe konstituziogilea hasi orduko (134) biltzarren artean alderdiaren ebatz egitura gorena den Batzorde Federalak kaleratu agirian gogora ekartzen duen bezala. Sarritan, Estatuaren periferiako alderdi ezkertiar eta abertzaleetatik desberdintzeko PSOEk bere egitasmo federala eta besteen independentsita alderatzen zituen, federalismoaren zakuan sartuz herrien eskubideak, langile elkartsuna, oinarri demokratikoak.... Horretan zegoen eztabaida politikoa epe konstituziogilea zabaldu zenean, amaieran ordea, egoera oso bestelakoa izango da.

      Berez eta huts hutsean aldarrikapen federalak izan dezakeen irakurketarako malgutasuna aintzat hartuta, jakinda "Espainia autonomikoaren" eredu juridikoaren parekotasunez teoria arras desberdinak daudela (batzuek eredu federala baino haratago doala dioten bitartean, beste batzuek izaera "originala" azpimarratzen dute, tartean eskubide historikotan, deszentralizazio administratibo hutsean zein gainontzeko irizpidetan oinarritu irakurketak), hala ere PSOEko buruzagiek onartu onartzen dute konstituzioa ez dela federala. Felipe Gonzálezek berak Kongresuan (135) egindako hitzaldian azaltzen du: "ulertu dugu ez dela aldarrikapen federalzalearen unea", eta aurrerago ahalik eta irakurketa baikorrena eginez gaineratzen du "PSOEren Estatu federalaren eredura asko hurbiltzen da". Gonzálezentzat epe konstituziogilea ez bazen une egokia estatuaren lurralde egituraketaren inguruan PSOEk zituen egitasmoak kaleratzeko.... arrazoietan sakondu behar (mehatxu militarra, batasun zatiezinari eutsi nahi izatea...) baina zenbait hilabete lehenago estatu federala lehen mailako jomuga zuten. Orain ordea, eskatu eskatu, ezta bururatu ere, gehienez jota asmoen antza izatearekin aski behar zuen pozik egoteko.

      Beraz, lehen klase borrokaren ikuspegitik, lurraldeen zapalkuntza gainditzeko bidean eta justiziaren izenean zilegi zen Estatu federala ez denez gauzatuko PSOEk bultzatzen duen konstituzioan, aurrerago goratutako alde guztien ukoa leuntzeko sozialistek azalduko dute konstituziotik abiatuta eraikiko dutela estatu federala. Hots, "haustura demokratikoarekin" gertatu bezala, berriro unearen aldaketaren leloa, ukapenari luzapena deituz hasteko behintzat ukapena errealitate bihurtu eta lege egin (ez lege bakarrik, legeen lege, Konstituzio). Gero, hori dela bidea esan, hortik abiatuta garatuko dela estatu federala, horiek direla taktikoki oinarri emankor eta sendoak alderdiaren lehen mailako helburuak gauzatzeko.

      Abiatu aipatu lekutik eta, bidean, derrigorrezko zenbait pasaleku xenda "Espainiaren batasun zatiezinaren" galbide izan ez zedin. Benegasek (136) eskainitako elkarrizketan guzti guztia ederki jasota. PSOEren XXVII. biltzarreko aldarrikapen federalari buruz harrotasunez mintzatu ondoren, Konstituzioa egitura federalera iristeko bidea dela gaineratzen du. Baina herrien burujabetza eskubidearen ukapena beste oinarria dela aditzera emateko "nazionalitaterik" ez dagoela deskubritzen du. Ehun urtez "estatuko lurralde eta nazionalitateei" buruz mintzatu da PSOE, bada orain buruzagiak dio "gure oinarria da euskal herria izan badela, baina ez nazionalitatea". Sozialistentzat denak du buelta, baita bueltaren bueltak ere: izena dagoenean ez dago izana, izana dagoenean ez du izenik. Nazioarteko eskubidean herriek dute euren etorkizuna erabakitzeko eskubidea, konstituzioan ordea, ez herriek, eta nazionalitaterik ez omen dago. Sozialistak "Espainiari" buruz ari direnean, lurralde antolaketa aztertzen dutenean... orduan bai, orduan sozialisten aldizkariak jasotzen du "errealitate historiko ukaezina" (137) dutela buruan beti. Berrogei urteko frankismoa, tortura, Ejerzitoa... horiek denak ere errealitate ukaezinak ziren, baina kontua da ea demokrazia aipatutakoen mailako errealitate ukaezina izatera iristen ote zen eta zertan zetzan herrien errealitatearen ukagarritasuna. Batasun zatiezinaren aurrebaldintzan hain zuzen, ez besterik.

      Azken batean, Konstituzioak oinarri federalik ez duela onartzeaz gain, PSOEko buruek balizko garapen federalaren ezaugarriak zehazterakoan argi uzten dute herriek ez dutela burujabetza eskubiderik izango. Horrek, VIII artikuloak, batasun zatiezinak eta enparauek berdin berdin diraute hasieran, amaieran zein erdian. Nabardura guztiekin ere, jada, ez ziren erabat eroso sentitzen federalismoaren itzalean eta denborak aurrera egin hala, PSOEk pixkanaka pixkanaka hiztegi federalzalea baztertuko du autonomizalearen mesedetan. Eta denbora gehiagorik gabe, Konstituzioaren lurralde antolaketaren garapen oinarria izaerari, edonolako garapenen muga izaera gailenduko zaio.


      5-b. Konstituzioaren arrastoa

      Aurkibidea Etxera